2015(e)ko urtarrilaren 25(a), igandea

Sentimenduen inbentarioa

Zergatik idazten zuen galdetu zioten Itxaro Bordari, eta hara zer erantzun zuen:

“Ba ote dakigu zergatik egiten ditugun gauza batzuk? Betidanik idatzi izan dut, haurra nintzenean ere, orduan niretzat hatsaren hartzea bezala da. On egiten dit, baketzen eta noizbehinka edertzen nau eta mundua ulertzen laguntzen dit. Idaztea azkenik nire bakartasun sentimendu konjenitalaren justifikatzeko baliatzen dut, bakartasun horren muinetik balizko irakurlea gozatzeko aukera hazten zaidalarik”.

Idazteak on egiten omen dio, baketzen omen du eta edertu ere noizbehinka. Ideia horiek bildu nahi ditu Sentimenduen inbentarioak, nolabait ere, "Sentitzen dudalako naiz", "Bihotzeko hitzak" eta "Ahotsa bihotzari" dioenean. Izan ere, unitate honetan xede nagusi izango dira norbera izaten oinarrizko konpetentzia metadiziplinarra eta gure arloko konpetentzia literarioa. Baina beste asmo bat ere bada horren azpian: ikasleek, haien sentimendu, bizipen eta ametsetatik abiatuta, istorioak asmatu ditzatela.
Arreta, hitzak eta ahotsak jarriko dizkiegu gelan eta norberagan pil-pilean dauden sentimenduei. Sentimendu diogunean, hor sartuko ditugu sentitzen ditugun emozio, pasio, maitasun… egoera emozionalarekin oso lotuta dauden guztiak. Nork bere sentimenduak atzeman, ulertu eta adierazteko, sentimenduak adierazten dituzten testu poetikoak ulertzeko, eraldatuz sortzeko eta ozen irakurriz birsortzeko… Idatzi, ozen irakurri eta dramatizatu. Bakarka arituko gara, nor bere bihotzarekin eta buruarekin; binaka, talde txikietan eta talde handian.

Sentimenduak, norberaren sentimenduak, lurralde pribatua dira. Hala ere, unitate honetan, sentimenduak ez direla ezkutatu beharrekoak adierazi nahi dugu, barru-barrukoak izanagatik ere. Inor partekatzera behartu gabe, sentimenduak partekatzeko tarteak eskaintzen dira, eta horretarako momentuak bilatu beharko lirateke gelako jardunean. Modu lasaian, errespetu osoz eta giro atseginean aritzeko, gela ahalik eta hoberen egokitzen saiatuko gara.

2015(e)ko urtarrilaren 15(a), osteguna